Naturguneak

 

 

Argazkia: bontx

Argazkia:Oarg

Argazkia: Oargi

 

Itxinako Biotopo Babestua (Vizcaya)

70,0 km – gutxi gorabehera 1h 5 min

Itxina Gorbeiako Parke Naturalean dago eta formazio karstikoaren adibide garbia dugu. Euskal Herriko mendien orografia eta paisaian ohikoa da fenomeno geologiko hori. Kareharriak kaltzio karbonato asko dauka eta, ondorioz, urak zulatu egin du milaka urtetan. Haitzok, gogorrak izan arren, oso disolbagarriak dira eta denbora tarte luzean egon dira uraren eraginpean; izan ere, euriak kareharria higatu du eta, pixkanaka-pixkanaka, geroz eta pitzadura sakonagoak egin ditu.

Hala, aurreko higadurek utzitako bideetan barrena irristatzen da jausitako ura, gainazala guztiz pitzatuta eta lur azpia erabat zulatuta utzi arte. Horren ondorioz, haitzulo asko sortu dira, baina horietatik ez da jada urik igarotzen, substratu sakonagoetan barrena egiten baitu bidea.

Itxina haitzez betetako goi lautada baten antzekoa da eta erdigune ahurra babesten duten mendi tontorrez inguratuta dago. Mendirik garaiena, Lekanda (1.302 m), ekialdean dago. Hegoaldean, berriz, Altipitatz eta Arteta azpimarra ditzakegu eta iparraldean, aldiz, Aizkorrigane. Horren magalean, kanpoaldean, Atxak (haitza hitzetik datorkie izena) dago, gain zorrotzen multzo estu bat.

Karstaren ipar-ekialdean dago Biotopoan sartzeko biderik errazena, Atxular Begian barrena doana, hain zuzen. Sarbide hori betidanik erabili izan dute artzainek (Itxinan bordak eta kortak dituzte) eta egurgileek. Hara bagoaz, komenigarria da ingurua ongi ezagutzen duen norbaitekin joatea, bidea ez baitago zehaztuta eta paisaian ez dagoelako orientatzen lagunduko digun ezaugarririk; gainera, lainoa dagoenean are okerragoa izaten da.

Goragune pitzatu eta zartatuek inguratutako simen labirinto handia da mendigunearen barnealdea. Udazkenean, paisaia zoragarria osatzen dute kolore gorrizka duten pagoek.

Haitzuloen artean, azpimarratzekoa da Supelegor (Gorbeiako mendigunean urak zulatutako 500 barrunbeetako bat), euskal mitologiako pertsonaien bizilekua.

Oharrak

Hainbat jarduera egin daitezke Itxinan: Biotopoan barrena ibiliak, Biotopoa inguratzen duten gailurretara txangoak, espeleologia hainbat haitzulotan…

Argazkia:Mikelo

Argazkia: Kurtzio

Argazkia eta tratamendu: Zaloa Etxaniz

Marearteko zabalgunea eta Flysch itsaslabarrak(Gipuzkoa)

38,2 kmgutxi gorabehera 36 min

Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean, Deba eta Zumaia artean, 8 kilometroko itsaslabarra dago, itsasoraino heltzen diren haitz malkartsuek irudikatutako inguru ikusgarria, Euskadiko naturgune ederrenetakoa, hain zuzen. Geologiaren ikuspuntutik, munduko tokirik garrantzitsuenetakoa dugu gainera; balio geologiko eta geomorfologiko handiko elementuak ditu (nazioartean sona handia dute), baita euskal itsaslabarreko itsas ekosistema aberatsena ere. Inguru hartara oinez bakarrik irits daitekeenez, natur ondarea ondo gorde da urteen joan-etorrian.

Itsaslabarron oinetan, marearteko zabalgune edo urradura plataforma izeneko fenomeno bat (mundu mailan ezaguna den Flysch-ean apurka zizelkatua) gelditzen da agerian itsasbeheran. Milaka urtetan olatuek labarretan egindako higadurak hainbat harkaitz geruzatan antolatzen den zabalgunea eratu du. Material gogorrez (kareharriak eta hareharriak) eta bigunez (tuparriak eta buztin-harriak) egindako geruzak tartekatzen dira eta haitzok forma bitxiak sortzen dituzte. Kretazeo garaian, lurzoruaren mugimenduek eragin nabarmena izan zuten jatorriz lauak ziren zabalgune horietan; izan ere, batzuk bertikal jarri zituzten eta, horrela, itsaslabar malkartsuak eratu ziren Mendatan, Sakonetan eta Pikoten.

Flyscharen geruzetan topatutako materialek geologiaren santutegi bihurtu dute naturgunea. Hala, mundu osoko geologoak etortzen dira ikerketak egitera, Lurrean azken 50 milioi urteetan klimarekin, biologiarekin eta geologiarekin zerikusia duten gertakari garrantzitsuenak jasotzen baitituzte harkaitz geruzek: dinosauroen desagerpena (Kretazeoa/Tertziarioa), ziklo klimatikoak edota Lurraren azken berotzea (Paleozenoa/Eozenoa). Horrez gainera, Itzurungo hondartzaren itsaslabarra Paleozenoko bi une garrantzitsu aztertzeko munduko lekurik onena da. Denboran zehar bidaia zoragarria egiten dugun bitartean mundu berri bat ezagutzeko aukera bikaina izango dugu.

Oharrak

Algorri Interpretazio Zentroak eta Zumaiako turismo bulegoak mendi-ibilaldiak, bisita geologiko gidatuak eta ontzian irteerak egiteko aukerak eskaintzen dituzte. Horrez gainera, Begi Bistan turismo aktiboko enpresak ingurune horrekin lotutako jarduerak antolatzen ditu. Tel. 657 794 677

Más información:

Geoparkea

Fitxa teknikoa


Argazkia: txaille

Argazkia: txaille

Argazkia: Alfredo.Ruiz

 

 

Pagoetako Parke Naturala (Gipuzkoa)

54,0 kmgutxi gorabehera 43 min

Pagoeta mendia (678 metro) Aia eta Laurgaineko landaguneetan (Gipuzkoa) kokatuta dago, Ernio-Gatzume mendilerroaren iparraldeko mendi-adarrean. Oso hurbil, 10 kilometro iparraldera, Orio eta Zarautz, tradizio turistiko handiko kostaldeko herriak, daude.

Parke Naturalaren (2. 860 hektarea) erdigune eta ikur nagusia Pagoeta mendia da, baina naturgunearen lur eremu gehiena landazabalari dagokio. Baserriari lotutako nekazaritza-jarduerak sortu du paisaia-mota hori. Horrenbestez, Parke Natural honek ez ditu izendapen bera jaso duten beste batzuen ezaugarri berak, nekazaritza-ustiapenaren eragina nabarmena izan delako gizakiak moldatutako paisaian.

Ingurumen-hezkuntza

Hori guztia kontuan izanik, eta lurren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiarena denez, heziketarako eta aisialdirako gune bezala bultzatu dute Pagoeta, natura ardatz nagusi hartuta. Horrezaz gain, baso-landaketak egiten saiatu dira. Horren harira, naturaren eskola eta ingurumenaren interpretaziorako zentroa sortu dituzte Iturraran Parketxean (XIV. mendean eraiki zuten jatorrizko baserrian). Museo horretan, naturaren eta gizakiak landa-eremuan egindako lanen inguruko azalpenak ematen dituzte. Espezie exotikoak biltzen dituen lorategi botanikoa ere jarduketa-ildo beraren emaitza da.

Agorregiko burdinola eta aztarna arkeologikoak

Inguru horretan, Agorregiko burdinola (XV. mendea) berreraiki dute. Gure arbasoek ura energia-iturri bezala erabiltzen zuten han, eta, egun, haiek egindako lana gertutik ezagutzeko aukera paregabea dago. Inguruetako basoetako egurra hartuta burdinoletan beharrezkoa zen egur-ikatza egiteko instalazioak haran osoan daude, han-hemenka. Parkean elurzuloak ere ikus daitezke. Antzina, hozkailurik ez zegoenez, elurra zulo batzuetan pilatzen zuten, gaiak hotz gorde ahal izateko.

Bestalde, gizakia aspalditik bizi da Pagoetako inguruetan. Historiaurreko aztarna asko topatu dituzte naturgunean; dolmenak (Otagain, Olarteta, Zaingo), tumuluak (Muzin, Arretaý) eta hainbat aztarnategi haitzuloetan (Erratia eta Amalda), esate baterako.

Iturraran Parketxean, Parkearen gaineko informazio orokorra, tartean naturgunean antolatzen dituzten ekintzen berri, jaso daiteke. Horrez gainera, picnic eta aisialdirako guneak prestatu dituzte hariztiz inguratutako lur-eremu zabaletan.

Oharrak

Mendi-ibiliak egiteko ongi zehaztutako hainbat ibilbide daude eta, horrez gainera, bisita gidatuak egin daitezke taldeka (Iturraran Parketxera eta Agorregi burdinola martxan ikusteko bisitak, orkatzei behatu, sagardoa eta gazta dastatu…).

Argazkia:Jean Michel Etchecolonea

 

Iñurritzako Biotopo Babestua (Guipúzcoa)

49,0 km – gutxi gorabehera 38 min

Zarautzeko hirigunetik gertu dago Iñurritzako Biotopo Babestua, herriko hondartzaren iparraldeko aldearen eta Iñurritzako itsasadarraren ezkerreko ertzaren artean, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidegoko duna-eremu handiena da eta, gainera, oso ongi gorde dute. Guztira, 177.200 metro karratu ditu eta lur eremuaren zati handi batean Zarautzeko golf elkartearen instalazioak daude.

Hiri inguruko gunetzat har dezakegu Iñurritza; hala eta guztiz ere, interes ekologiko handiko lekua da. Duna-paisaia da eremu horren ezaugarri nagusia, baina itsasaldean ohikoak diren hainbat elementu ere uztartzen ditu: itsas arroken multzoa eta padura zati bat.

Duela gutxi egin duten pasabidetik ibilaldia egin dezakegu Biotopoan barrena. Hala, padurak, itsaslabarrak eta dunek marrazten duten paisaia ederra ikusteko aukera izango dugu. Ezaugarri horiei esker, animalia eta landare espezie asko batzen dira naturgunean, eta komunitate bereizi baina batuak osatzen dituzte elkarrekin.
Informazio guztia

 


 

Argazkia: Iñaki LL

Argazkia: mongide

Argazkia: mongide

Euskadiko lehen eskuko burdinaren ustiapeneko eta leku berean prozesu guztia ikus daitekeen leku bakarra. Inguru politean Aizkorri-ko natura-parkeko ateetara kokatuta. Argazkia: arangoierri-a

Argazkia: goierritarra1

 

Aizkorri-Aratz Parke Naturala (Guipuzcoa)

29,3 km – gutxi gorabehera 38 min
Aizkorri-Aratz mendilerroak Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendirik garaienak ditu (Aitxuri, 1.551 m). Horiek gailurreria ederra osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. 2006an izendatu dute parke natural, eta, guztira, 16.000 hektarea ditu naturguneak; 13.000 Gipuzkoan eta 3.000 Araban.Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.Lehenengoen artean dugu Aloña-Aizkorri-Aratz gailurreria. Mendi horiek paisaia ederra marrazten dute, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Bigarrenen artean, berriz, Urkilla-Elgeako tontor zapal bezain leunak daude. Arabako Lautadatik osorik ikus daiteke haize-errotez betetako gailurreria.Oñatitik Arantzazuko Santutegira iritsiko gara. Izen bereko sakanaren gainean dago leku paregabe hori, eta hortik oinez abia gaitezke Urbiako zelaietaraino. Aizkorriko mendilerro garaienaren hegalean daude larre horiek eta ermita eta aterpea topatuko ditugu bertan. Araiatik Aratz (1.443 m) tontorrera igo gaitezke, eta hainbat ibilbide egin ditzakegu bertan. Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik, berriz, Kurutzeberri mendira (1.146 m) joateko aukera dugu. Zaraia mendilerroaren mendebaldean dago kareharrizko tontorra.Aizkorriko naturgunearen mendi-adarretan jaiotzen dira Deba, Urola eta Oria Gipuzkoako ibaiak. Horrez gainera, Arabako isurialdean, Zadorran, eta izen bereko urtegian, eta Arakilen, Nafarroan barneratzen den ibaian, isurtzen dituzte urak Aizkorriko errekastoek.Kareharrizko mendigune honetan azpimarratzeko modukoak dira fenomeno karstikoak; lapiaz-zelaiak, torkak, dolinak eta hamaika haitzulo, (Leze, esate baterako). Horietako askotan, historiaurreko aztarnategiak eta aztarnategi paleontologikoak aurkitu dituzte: Arrikrutz eta Aizkirrinen, adibidez, lehoi eta leize-hartzaren arrastoak daude.San Adriango tunela ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Bertan izen bereko baseliza dago. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.
Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa

«Parketxea», Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa, Arantzazuko Santutegian dago. Ordutegia:

Azarotik martxora:
Asteartetik igandera: 10:00-14:00
Larunbatetan: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00
Apirila, maiatza, ekaina eta urria:
Asteartetik igandera: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00
Uztaila, abuztua eta iraila:
Asteartetik igandera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00

Oharrak

Antolatutako jarduerak: Mendi-ibiliak, kirol-eskalada, ibilbideak bizikletaz, gidatutako bisitak inguruko herrien erdiguneetara. Horrez gainera, naturgunearen Arabako aldean, harpeetako espeleologia, puentinga, parapentea, arroilen jaitsiera, rappela… askotariko jarduerak egin daitezke.

Gau bakar batez kanpa daiteke leku jakin batzuetan. Gau gehiago igaro nahi izanez gero baimena eskatu beharra dago.
Informazio guztia


Informazio-iturriak:

http://turismo.euskadi.net

http://www.flysch.com/

http://www.geoparkea.com/

Pages: 1 2